MONDRAGONen 2017ko Kongresua

Korporazioa aurrera doa “Etorkizuneko MONDRAGON” ponentzian ezarritako politiketan.

Gaur MONDRAGON Korporazioaren 2017ko Kongresua egin da Donostian. Hitzordura guztira 650 konpromisario daude deituta, talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko.

Aurtengo edizioan, besteak beste, organo korporatiboek egindako gestioa aurkeztu zen, bai Batzorde Iraunkorraren aldetik –aurretiaz kide guztiei bidalitako agiri batean ere aurkeztuta–, bai Kontseilu Orokorraren aldetik. Kontseilu Orokorraren kudeaketaren deskargua Iñigo Ucin lehendakariak egin zuen, eta aurreko Kongresuan aho batez onartutako ponentzia aipatu zuen –“Etorkizuneko MONDRAGON”–, bere arretagune nagusiekin: “Balioen Bizipena”, “Antolamendu Egitura” eta “Elkarren arteko Lankidetzako Finantza Fondoak eta Tresnak”.

“Balioen Bizipena”-ri dagokionez, Ucinen nabarmendu zuen prestakuntza eta heziketa kooperatiboko ekintzak eguneratu egin direla, “balioak bultzatzeko, batez ere autoexijentzia eta koerantzukizuna”. Gainera, saio korporatiboak egin dira enpresen arteko lankidetzaren garapena sustatzeko. Lantalde bat eratu da kooperatiben dinamika instituzionala hobetzeko proposamenak lantzeko. Eta plan bat jarri da martxan, “gure enpresak kokatuta dauden inguruneen eraldaketa sozialari lotutako jarduerak koordinatzeko”. Halaber etorkizunera begira, aurreikusi da kooperatiben erakarmena handitzea, bertan lan egiteko eta “pertsonen enplegagarritasuna eta birkualifikazioa, malgutasuna eta norberak etengabeko prestakuntzan duen protagonismoa aktiboki” kudeatzeko.

“Antolamendu Egitura”-ri dagokionez, adierazi zuen aurreko urtean eredu malgu baterantz migratzeko helburua landu dela, MONDRAGONeko jardueren dibertsitatea aitortzeko eta, aldi berean, negozio guztien arteko lankidetzarako aukerak optimizatu ahal izateko. Ereduak proiektu traktore indartsuagoak proposatzen ditu.

Eta, azkenik, “Elkarren arteko Lankidetzako Finantza Fondoak eta Tresnei” dagokienez, joera da negozioen errentagarritasunaren eta iraunkortasunaren inguruan ardatzen den eredu baterantz jotzea, dagoeneko eratuta dauden bi fondo berritan oinarrituta: Kohesio eta Garapen Fondoa eta Hedapen Fondo Korporatiboa. Gainera, Ucinek jakinarazi zuen “hirugarrenekin palankatutako finantza tresna berriak diseinatzen” ari direla.

Horrez gain, datorren laurtekoaren kudeaketaren inguruan, Korporazioak 2017-2020 Politika Sozioenpresarialean zehaztu du bere bide orria, negozioak kokapen lehiakor iraunkorretatik abiatuta garatzeko helburuarekin. Eta hori lortzeko bost estrategia definitu dira: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, berrikuntza eta enpresa sustapena, lankidetza eta presentzia globala. Ucinek nabarmendu zuenez, “beharrezkoa da proiektu partekatu batekin konprometituta dauden pertsonak edukitzea, garai berrietara egokitzeko gaitasunarekin, atzetik datozenei proiektu lehiakor eta solidarioagoa izango duen kooperatiba bat uzteko”.

MONDRAGON 2016an

Kongresuarekin bat eginda, MONDRAGONen 2016ko ekitaldiaren balorazioa egin da, zeinak, oro har, bilakaera positiboa izan du bere aldagai enpresarialen multzoan.

Salmentei dagokienez, 11.399 milioi euro izan dira, hau da, aurreko urtean lortutakoak baino zertxobait hobeak, %0,3 igo baitira. Nazioarteko salmentak, industri arloari lotuta, salmenta guztien %70 izan dira.

Enpleguaren esparruan, berriz, talde osoa kontuan hartuta, pixka bat uzkurtu da, %0,9, eta lanpostuak 73.635 izan dira. Horri dagokionez, banaketa arloko enpleguaren murrizketa nabarmendu daiteke, hipermerkatuen sarean egindako desinbertsioengatik. Albiste positiboa industri arloaren bilakaera positiboa izan da, joan den urtean 1.404 enplegu berri sortu baitziren, lantalde osoan 34.329 lagun aritu zirelarik.

Beste atal aipagarri bat inbertsioena izan da, 457 milioi eurora iritsi baita, aurreko urtean egindakoak baino %44 gehiago.

Berrikuntzaren arloan, MONDRAGONek I+Gko 15 zentro ditu, guztira 461 patente familia ditu indarrean, eta 1.921 ikertzaile enplegatzen ditu lanaldi osoan.
Horrez gain, ebitda 1.031 milioi eurora irisi zen.

MONDRAGONen Kongresua zer da?

Kongresua MONDRAGON gidatzeko jarraibide edo irizpide nagusiak ezartzen dituen organoa da, hau da, interes komuneko funtsezko gaiei buruzko oinarrizko politikak definitzen dituena. Urteroko hitzordu korporatibora guztira 650 konpromisario daude deituta, taldean integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko. Organoan, halaber, kooperatiba berrien sarrera onartzen da, eta Batzorde Iraunkorraren –Kongresu batetik bestera diharduen ordezkaritza instituzionaleko organoa– eta Kontseilu Orokorraren –Korporazioaren zuzendaritza organoa– gestioaren deskargua egiten da.

MONDRAGONen 2017ko Kongresua
Tagged on: