Hitzarmenaren bidez, lankidetza-esparru bat finkatu da, enpresa-kudeaketako metodologia berriak ezartzeko, ezagutza teknikoak transferitzeko eta etengabeko prestakuntza eskaintzeko.
Eroskik eta Mondragon Unibertsitateak (MU) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute profesional berriak EROSKIra sartzeko eta bi erakundeen artean talentua transferitzeko; horretarako, etengabeko prestakuntzako programak egingo dituzte, berrikuntza metodologikoak txertatuko dira enpresa-kudeaketan, ezagutza teorikoa transferituko da, eta Eroskin ekosistema bat sortuko da barneko ekintzailetza-proiektu berrietarako. Lankidetzako esparru-hitzarmen hori gaur goizean sinatu dute Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Vicente Atxak, eta Eroskiko presidenteak, AgustÃn Markaidek.
Hitzarmen horren bitartez, Eroskik barneko ekintzailetza-programa bat bultzatu nahi du, hurrengo urteetarako zehaztu den lehiakortasunerako estrategiak oinarri izango dituen berrikuntza-proiektuak sortzeko.
Beren kultura kooperatiboarekin bat etorriz, Eroski eta Mondragon Unibertsitatea elkarrekin arituko dira Bezero Bazkideek parte hartzeko bide berriak diseinatzen, Zurekin belaunaldi berriko dendetan ematen den arreta hobetzeko. Gainera, unibertsitate ete enpresetako lantalde dualen bidez, hainbat berrikuntza-proiektutan jardungo dute. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira datozen hilabeteetarako: merkataritza elektronikoa, lotutako produktuak gomendatzeko eta iradokitzeko sistemak, freskotasun ezin handiagoa frutaren eta ortuarien atalean, eta berrikuntza operatiboak dendetako ordainlekuetan.
Horrezaz gain, Mondragon Unibertsitateak, hitzarmenaren bitartez, Summa programako bazkide bihurtu da; Eroskik berrikuntza-motor moduan darabil programa hori egun, eta horren barruan, prestakuntza ematen zaie zuzendari berriei.
“Aliantza natural bat da izaera kooperatiboa duten bi erakunderen artean, eta elkarlanean aritzeko esparru berria finkatu du lehiakortasuneko abantailak eratu daitezen, bi erakundeetako pertsonei gaitasunak ematea eta garapen integrala izatea oinarri hartuta”, nabarmendu du Eroskiko presidenteak, AgustÃn Markaidek.
2020. urtera begirako Plan Estrategikoaren hiru zutabeetako bat Eroskiko lantaldeen bilakaera profesionala eta pertsonala indartzea da, eta pertsonen prestakuntza bihurtzen du lehiakortasuna hobetzeko gakoetako bat. Aurreko ekitaldian, adibidez, Eroskik % 20 handitu zuen barne-prestakuntzako ordu-kopurua, eta 210.000 ordutik gora eskaini zituen. “Teknologia berriak banaketaren balio-kateko zenbait alderdi eraldatzen ari dira, eta lehiakortasuneko abantailak eratzea erronka izaten ari da enpresentzat; izan ere, sarritan, erronka horrek enpresen mugak gainditzen ditu, eta beharrezkoa gertatzen zaie barneko ezagutza eta kanpokoa konbinatzea”, azaldu du Markaidek.
Bestalde, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak nabarmendu duenez, “enpresek behar dituzten profil profesionalak eraldaketa-prozesu bete-betean daude, sektore guztietan gertatzen ari den azelerazio teknologikoaren ondorioz. Hitzarmen honen bitartez, gure unibertsitateak Eroskiren kolaboratzaile estrategiko izan nahi du, eta hartara, talentua erakarri eta garatzeko estrategiak abiatu erakunde horrek bere helburu estrategikoak bete ditzan. Horrekin batera, eta Mondragon Unibertsitateak ekintzailetza-, berrikuntza- eta lidergo-programak garatzen duen eskarmentua oinarri, lagundu nahi dugu Eroski barneko ekintzailetzako ekosistema bihur dadin”.