Eusko Jaurlaritzak bulego bat irekiko du Londresen euskal enpresen merkataritza-jarduera handitzeko

Erresuma Batua da euskal enpresen esportazio-jomuga garrantzitsuenetako bat, aurreneko 5 postuetan egon baita iragan hamar urte hauetan.

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapia buru duela, Erresuma Batura joango da aste honetan, Euskadik merkataritza-bulego berri bat irekiko duelako Londresen.

Bidaia laburra izango da, baina trinkoa. Hala, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak topaketa bat egingo du merkatu hartan dauden euskal enpresekin, ekitaldi bat egingo du bulego berriaren irekiera ospatzeko, bilera instituzionalak egingo ditu Britainia Handiko gobernu eta legebiltzarreko ordezkariekin, eta Derby hiriraino joango da Rolls Royce enpresaren instalazioak bisitatzera, bertatik bertara hitz egiteko enpresako arduradun nagusiekin eta ITPko ordezkariekin.

Tapia sailburuaz gain, Jaurlaritzaren ordezkaritzan joango dira baita ere Industria sailburuorde Javier Zarraonaindia, Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabal, SPRIko zuzendari nagusi Alex Arriola eta SPRIko Nazioartekotzeko zuzendari Miren Madinabeitia.

BULEGOA LONDRESEN EUSKAL EMPRESEI LAGUNTZA EMATEKO

Eusko Jaurlaritzak, nazioartekotzeko eta merkatu berrietara irekitzeko bere politikaren barnean, erabaki zuen Britainia Handiko merkatua sakon aztertzea 2016an, han kokatutako euskal enpresei laguntza handiagoa emateko, eta harremanak estutzeko Londresen eta Londres inguruan kokatutako enpresa estrategiko zenbaitekin, alegia, Euskadiko hornitzaileentzat eta enpresa laguntzaileentzat bereziki interesgarriak direnekin. Enpresa horiek automozio, aeronautika, energia eta burdinbide sektoreetakoak dira nagusiki.

Bulego berria ingurune egokian dago bere funtzioak betetzeko, eta SPRIren Kanpo Sarera bilduko da, zeinak 16 merkataritza-ordezkaritza baititu gaur egun.

Ikuspuntu instituzional, sozial eta ekonomikotik, bulego hori une oso garrantzitsuan ireki da, eta baita ere ziurgabetasunez betetako abagune batean, Erresuma Batuak erabaki baitu aurrera jarraitzea Europar Batasunetik irteteko prozesuarekin, horrek ziurgabetasuna sortu duelarik.

Zentzu horretan, bulego honen helburua da Eusko Jaurlaritzak beste herrialde batzuetan -SPRIren bitartez ordezkaturik baitago- dituen  gainerako bulegoen berbera. Erresumako Batuko bulegoak, dagoeneko baliabide teknikoz eta giza baliabidez horniturik dagoenak, zeregin jakin bat du, alegia, euskal enpresen merkataritza-harremanak ahalbidetzea, beren esportazioak bultzatuz edo Erresuma Batuan dituzten merkataritza- nahiz produkzio-ezarpenak sustatuz. Era berean, harreman-sare bat sortuko da tokiko zein nazioarteko ordezkariekin, euskal enpresek Erresuma Batuan garatzen duten jarduerari laguntzeko.

EUSKADIREN ETA ERRESUMA BATUAREN ARTEKO MERKATARITZA-HARREMANA

Erresuma Batua da euskal enpresen esportazio-jomuga garrantzitsuenetako bat, aurreneko 5 postuetan egon baita iragan hamar urte hauetan.
Euskaditik Erresuma Baturako esportazioen bolumena nahiko egonkorra izan da, nahiz eta gorabeheraren bat izan duen, batez ere 2009an. Dena den, azken hiru urteotan krisiaren aurreko zifren gainetik kokatu da, 2016an %8,48ko jaitsiera izan badu ere.

2016an Erresuma Batua 4. postuan kokatu da Euskadiko esportazioen jomuga diren herrialdeen rankinean, eta 1.300 milioi euroko negozio zifra erdietsi da; inportazioak, berriz, 815 milioi eurokoak izan dira.

Koadroan ikus daitekeen bezala, inportazioen bilakaera irregularragoa izan da, baina aipatzekoa da inportazioek behera egin zutela 2009. eta 2013. urteetan eta 2014 eta 2015. urteetan, berriz, nabarmen hazi zirela. 2016an jaitsiera handia erregistratu zen, funtsean, Erresuma Batuko petrolio edo gas inportazioek eraginda.

Erresuma Batuarekiko merkataritza-balantza oso positiboa izan da Euskadirentzat aztertutako urte guztietan, salbu eta 2014an eta 2015ean, lehen aipatutako petrolio edo gas inportazioengatik.

Eusko Jaurlaritzak bulego bat irekiko du Londresen euskal enpresen merkataritza-jarduera handitzeko
Tagged on: