Bankiak Elkargiren bazkide diren enpresa txikien eta autonomoen esku jarriko ditu 1,5 milioi euro arteko kreditu-lerroak.
Elkargik eta Bankiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta Estatuaren gainerakoan ere, atxikitako enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen finantzaketan baldintza onuragarriak eskaintzeko.
Hitzarmena Elkargiren Donostiako egoitzan sinatu dute haren zuzendari nagusi Pío Aguirrek eta Bankiaren iparraldeko lurralde-ordezkaritzako zuzendari korporatibo Julio Martínek. Gainera, sinaduran parte hartu dute erakundearen Euskal Autonomia Erkidegoko zonako zuzendari Alfredo Alonsok eta Elkargiko merkataritza-zuzendari Jorge Belausteguik.
Hitzarmen honi esker, Bankiak Elkargiren bazkide diren enpresa txikien eta autonomoen esku jarriko ditu 1,5 milioi euro arteko kreditu-lerroak. Eragiketen osotasunerako gehieneko finantzaketa 12 milioi eurokoa da.
Kredituak % 100ean abalatu ahal izango ditu Elkargik, edota bi erakundeek % 50ean bermatu ahal izango dituzte. Hala, arriskua dibertsifikatu egiten da Bankia erakundearen eta Elkargiren berme-sistemaren artean.
Finantzaketa horren helburua produkzio-inbertsioak izan daitezke (esaterako, makineria eta instalazioak berritzea), epe laburrerako diruzaintza-beharrei aurre egiteko, eta enpresak bere kutxa-fluxuak etorkizunean sortzen diren diru-sarreretara egokitzeko ere.
Finantzaketa motaren arabera, amortizazio-epeak 15 urte artekoak izan daitezke eta prezioa euribor gehi % 1etik abia daiteke.
Pío Aguirre Elkargiko zuzendari nagusiaren hitzetan: “hitzarmen honek erakusten du Bankia bezalako erakunde baten eta Elkargik ordezkatzen duen berme-sistemaren artean arriskua dibertsifikatzeak lagundu egiten duela ETE-en eta autonomoen finantzaketa-arazoa ebazten.
ETE-ekin eta autonomoekin konpromisoa
Bestalde, Julio Martín Bankiako iparraldeko lurralde-ordezkaritzako zuzendari korporatiboak, ildo horretatik, honako hau nabarmendu du: “hitzarmen honek agerian uzten du erakundeak ETE-ekin eta autonomoekin duen konpromisoa haiek euren proiektuak abian jarri ahal izateko, eta erakusten du, era berean, Estatuan elkarrekiko berme-sozietate nagusietakoa denarekiko harreman eta lankidetza egokia”.
Bi erakundeek hitzarmen hau sinatu dute jakinaren gainean enpresa txikiak eta autonomoak sare ekonomikoaren funtsezko osagai bat direla, baita agente garrantzitsuak ere aberastasuna eta enplegua sortzeko, eta finantzaketa eskuratzeko garaian zailtasun handienak izan ditzakeen produkzio-ehunaren zati direla.