Adype | ELKARGIk eta CaixaBankek 100 milioi euroko finantzaketa-lerroa abiarazi dute ETE, denda, autonomo eta ekintzaileentzat
18360
post-template-default,single,single-post,postid-18360,single-format-standard,ajax_fade,page_not_loaded,,wpb-js-composer js-comp-ver-4.2.3,vc_responsive
 

10 ekaina ELKARGIk eta CaixaBankek 100 milioi euroko finantzaketa-lerroa abiarazi dute ETE, denda, autonomo eta ekintzaileentzat

Hitzarmen honetan berritasun bat dago; alegia, factoring eta confirming-eko lerroak ere bermatzeko aukera.

ELKARGIk eta CAIXABANKek beste urrats bat eman dute enpresa, denda, autonomo eta ekintzaileen finantzaketa sendotzeko, kreditua eskuratzeko baldintzak hobetzen dituen hitzarmenaren bitartez. Bertako dinamismo komertzial eta produktiboaren protagonista direnen finantzaketa-beharrei erantzuten die hitzarmen honek.

Hitzarmena Bilbon sinatu dute Pío Aguirre Álvarez de Arcaya ELKARGIko zuzendari nagusiak eta Kepa Badiola Uriarte CAIXABANKeko lurralde-zuzendariak. Biak pozik agertu dira. Izan ere, hitzarmen honek bultzatu eta sendotu egingo du enpresa- eta merkataritza-proiektu berriak abian jartzea eta lehendik dauden beste batzuk finkatzea, bi finantza-erakundeek euren jarduera egiten duten eremu guztietan.

Enpresa, denda, autonomo eta ekintzaileek aukera izango dute 1.500.000 € arteko maileguak eta kredituak eskuratzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta 900.000 € artekoak Estatuaren gainerakoan ezarritako enpresen kasuan. Finantzatuko diren behar moten artean daude makineriako inbertsioak, higiezin eta instalazioetakoak, informatika-ekipoetakoak, I+G-koak, denda edo bulegoa berritzekoak, salmenten aurrerakinekoak (beherapena), erosketak finantzatzekoak, import-export-ekoak, etab. Kreditu-lerroaren guztizko zenbatekoa 100 milioi euro da.

Hitzarmen honetan berritasun bat dago; alegia, factoring eta confirming-eko lerroak ere bermatzeko aukera.

Finantzatu beharreko inbertsioaren arabera, amortizazio-epeak 12 urte artekoak izan daitezke, % 1eko interesetik aurrera (Euribor + % 1). Horrek ahalbidetu egiten du finantzaketa lehiakorra eta denboran jasangarria, eta bermatu egiten du estualdirik ez izatea egindako jardueraren kobrantzen eta ordainketen artean.

Pío Aguirreren hitzetan: “Caixabank-ekin egindako aliantza honek berretsi egiten du bi erakundeen arteko sintonia egokia, eta agerian uzten du Elkargik ordezkatzen duen berme-sistemaren eginkizuna ezinbestekoa dela enpresa-proiektu guztiek euren berariazko finantzaketa-beharrei erantzuteko, merkatuko baldintzarik hoberenetan eta berme guztiekin. Konpromisoa daukagu enpresa, denda, autonomo eta ekintzaileekin, Elkargiren jabeak eta, hortaz, gure izateko arrazoia direlako”.

Bestalde, Juan Pedro Badiolak honako hau adierazi du: “enpresak, dendak, autonomoak eta ekintzaileak ekonomiaren funtsezko euskarria dira, bai aberastasuna sortzeko egiten duten ekarpenagatik, bai lanpostuak sortzeko zereginean, berrikuntzan eta sormenean egiten duten lanagatik. CaixaBank-en haien ondoan egon nahi dugu, sorreran eta bilakaeran ere, eta hori berretsi nahi dugu baldintzetan oso onuragarria eta zenbatekoetan zabala den hitzarmen honen bidez”.