COMPYTE sortu da, enpresen lehiakortasuna neurtzeko tresna berria

COMPYTEren bidez, enpresa bakoitzak lehiakideen aldean duen lehiakortasuna azter dezake, eta lehiakortasun hori hobetzeko bideak zein diren jakin dezake.

Lehiakortasuna, arrakasta-kontua ez ezik, biziraupen-kontua ere bada. Enpresek ziztu bizian egokitu behar dute merkatuen errealitate berrietara, erregulazio-aldaketetara, teknologia berrietara, kontsumitzaileen ohitura berrietara eta abar. Testuinguru globalizatu eta aldakor honetan, erakundeek etengabe pentsatu behar dute nola hobetu, eta beti dago beste urrats bat egiteko beharra.

LABORAL Kutxak ibilbide luzea du egina bezero diren enpresei finantza-aholkularitza emateko lanetan. Enpresen errealitatea ongi ezagutzea eta Pyme2020 Lehiakortasunaren Behatokian enpresei buruz jasota dagoen informazioa edukitzea izan da COMPYTE tresna –enpresen aurrerapenerako tresna berria, alegia– garatzeko abiapuntua.

Enpresei lehiakorragoak izaten laguntzeko helburu garbiarekin sortu da COMPYTE. Mondragon Unibertsitatea – Mondragon Innovation & Knowledge-ren (MU-MIK) ekarpenarekin, enpresa bakoitzari zuzeneko lehiakideen aldean duen lehiakortasun maila neurtzea eta lehiakortasuna epe ertain eta luzera hobetzeko gako nagusiak ondorioztatzea ahalbidetuko dion tresna diseinatu du LABORAL Kutxak.

COMPYTE gaur, asteazkena, aurkeztu da LABORAL Kutxaren Bilboko egoitzan. LABORAL Kutxaren Enpresen Areako zuzendari Josu Arraizak, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako enpresen lehiakortasun-ingurunea deskribatu du: “Adostasun handiz aipatzen da lehiakorrak garela, ekonomia dibertsifikatua dugula, industrian indar handia dugula eta azpiegitura egokiak eta ongi prestatutako pertsonak ditugula. Baina galdetu beharra dago norekin alderatuta, zer sektoretan eta noiz garen lehiakorrak”. Arraizak zalantzarik gabe adierazi du COMPYTEren ekarpena balio handikoa izango dela: “lehiakortasuna enpresaz enpresa neurtzeko eta lehiakiderik onenekin alderatzeko aukera emango duen tresna delako”.

Ondoren, MU-MIKeko zuzendari nagusi David Sánchez Pyme2020 Lehiakortasunaren Behatokiaz aritu da, eta adierazi du funtsezko kontraste-elementua dela COMPYTErentzat, eta oso garrantzitsua dela “euskal enpresen funtsezko lehiakortasun-faktoreak zein diren zehaztuko duen lehiakortasun-eraldaketarako eredu bat garatzea eta enpresa horiei beren egoera diagnostikatzea eta etorkizunean hobetzeko ekintzak identifikatzea ahalbidetuko dien tresna bat sortzea”.

Azkenik, LABORAL Kutxaren Enpresen Negozio Garapenaren Areako zuzendari Oscar Muguerzak tresnaren erabilera azaldu du, eta konparazio-azterketaren konplexutasun algoritmikoa eta emaitzen aurkezpenaren sinpletasuna azpimarratu ditu. Ondorio gisa, honako hau adierazi du: “COMPYTE autodiagnostikorako tresna bat da, eta galdutako tartea berreskuratzeko aukera ematen dio enpresa bakoitzari. Lehiakortasun-txosten ugari daude, baina ez dira enpresa bakoitzarentzat eta emaitzak lehiakideenekin alderatuta egiten”.

LEHIAKORTASUN-INGURUNEA ETA DIMENTSIOA

Gure ingurunean, ETEak enpresa guztien % 99 dira, eta dimentsio handiagoko enpresa globalizatuekin ari dira lehian egunero. Horregatik, garrantzitsua da urrats bakoitza neurtzea eta norabide zuzenean aurrera egitea: ekipoak berritzea, berrikuntzak egitea, merkatu berriak bilatzea eta pertsonen garapena hobetzea. Tamaina garrantzitsua da, jakina, baina zaila da ziztu bizian haztea. Bada emaitza ona ematen duen irtenbide bat lehiakorra izatea da. Hortaz, ETEek lehiakorrak izaten jarraitu behar dute, eta, horretarako, oso garrantzitsua da haien eta besteen egoera ezagutzea. Diagnostiko ona izatea funtsezkoa da inbertsio-erabaki berriak hartzeko garaian.

COMPYTE, ENPRESEN ZERBITZURAKO BERRIKUNTZA

Pyme2020 Lehiakortasunaren Behatokiak gainerakoen gainetik nabarmentzen diren enpresa bikainen gakoak eskaintzen dituela kontuan hartuta, eraman al litezke arrakasta-eredu horiek gainerako ETEetara? Galdera sinple horri erantzuteko sortu da COMPYTE.

COMPYTE online tresna bat da, eta enpresa baten lehiakortasun maila zein den jakitea, lehiakideekin konparatzea eta galdutako tartea berreskuratzeko landu beharreko faktoreak zein diren jakitea ahalbidetzen du. Enpresaren erantzunen arabera egokitzen den test batean oinarrituta dago. Hainbat faktore hartzen dira kontuan: sektorea, tamaina, antzinatasuna, hazkunde-maila eta abar.

Lehiakortasuna aztertzeko ikuspegi jakin batean oinarrituta dago COMPYTE, eta erakunde baten etorkizuneko lehiakortasuna eragiten duten tresnen azterketa du ardatz ikuspegi horrek. Erakunde batek etorkizunean lehiakortasun-emaitza positiboak izateko funtsezko zein alderditan (hots, zein lehiakortasun-faktoretan) jardun behar duen identifikatzean datza. Ikuspegi horrek balio bereizgarria ematen du, ematen duen informazioak etorkizuneko lekua hobetzera bideratutako estrategiak eta ekintzak ezartzea ahalbidetzen baitie erakundeetako buruei.

Testa mediku-azterketa edo mediku-txekeo bat bezalakoa da: lehiakortasun-faktore bakoitza enpresan duen inplementazio-fasearen arabera baloratzen da, eta balioa hainbat aldagairen arabera haztatzen da. Horren emaitza 0tik 100era arteko puntuazio bat da, eta puntuazio hori sektore bakoitzeko enpresa bikainenarekin aldera daiteke.

Halaber, enpresa bakoitzak bere puntuazioa eta lehiakideena jasotzen du lehiakortasunaren bost zutabeetan:

  • Berrikuntza
  • Ekintzailetza
  • Nazioartekotzea
  • Pertsonen kudeaketa
  • Finantzaketa

Eta, azkenik, bost zutabeak 20 lehiakortasun-faktoretan bereizten dira. Azterketak, halaber, neurririk handienean garatu behar diren faktoreak eta faktorerik azpimarragarrienak zein diren adierazten du.

COMPYTE doako tresna da, eta enpresa guztientzat dago eskuragarri (LABORAL Kutxaren bezero direnentzat zein besteentzat). Autoebaluazioa erabiltzaile bakoitzak egiten du, bere enpresaren ahuleziak eta indarrak zein diren era konfidentzialean jakiteko. Eta, agregazio bidez, indarrak baliatzen edo arazoak konpontzen lagun dezaketen erakunde publiko edo pribatu guztiekin partekatzeko oso baliagarriak izango diren ondorio orokor batzuk lortu ahal izango dira.

Hona hemen helbidea: www.compyte.eus.

COMPYTE sortu da, enpresen lehiakortasuna neurtzeko tresna berria
Tagged on: