Adype | Pedro Azpiazuk esan du emaitza hobeak dituzten gizarteek lankidetza maila handia dutela bai instituzioen artean eta bai erakunde publiko eta pribatuen artean
18270
post-template-default,single,single-post,postid-18270,single-format-standard,ajax_fade,page_not_loaded,,wpb-js-composer js-comp-ver-4.2.3,vc_responsive
 

10 maiatza Pedro Azpiazuk esan du emaitza hobeak dituzten gizarteek lankidetza maila handia dutela bai instituzioen artean eta bai erakunde publiko eta pribatuen artean

Ogasun eta Ekonomia sailburuak ADYPEk antolatutako gosari-solasaldi batean parte hartu du gaur; bertan, kudeaketa ekonomikoari buruz eremu publikotik duen ikuspegia eskaini du.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak, Pedro Azpiazuk, Euskadiko Zuzendari eta Profesionalen Elkarteak (ADYPE) Bilbon antolatutako gosari-solasaldi batean parte hartu du gaur goizean, izenburu hau duen hitzaldia eskainiz “Zuzendaritzaren munduari zuzendutako gogoetak, politikaren eremutik eginak. Nire ikuspuntua kudeaketa ekonomiko publikoari buruz”. Bere hitzaldian, sailburuak esan du emaitza hobeak lortzen dituzten gizarteek lankidetza maila handia izaten dutela, bai instituzioen artean eta bai erakunde publiko eta pribatuen artean.

Azpiazuren esanetan, sektore publikoaren helburuen artean –berak ikusten duen moduan- gaitasunen hobekuntza, lidergoaren hazkundea eta sen berritzailea daude; nolanahi ere, aitortu du erabakiak askoz ere konplexuagok direla sektore publikoan sektore pribatuan baino.

Horren arrazoietako bat deszentralizazioaren berezko pluraltasun instituzional handia da, eta baita gobernu maila anitz egotea ere. Hori horrela, kontuan hartu behar da guztiak lotura estua duela kalitatearekin eta pertsonen ezagutzarekin, eta baita balioekin eta gizarte bakoitzak eredu orokorraren barnean aukeratzen duen pizgarri-egiturarekin ere.

“Gero eta zentzugabea da pentsatzea gizarte demokratikoen arazoak boterearen erabilera hutsaren bidez konpondu daitezkeela”, esan du Azpiazuk. Horri begira, aitortu du erabaki publikoak ezin direla oinarritu boterea menderatze-jarduera soiltzat hartzen duen eredu batean.

Gaur egun, boterea erabiltzeko formak oso bestelako ereduei daude lotuta. Alde batetik, oreka estrategiko deritzanak ditugu; hauek gizakien arteko elkarreraginaren ezaugarri unibertsal bat dira, eta, hortaz, baita instituzioen arteko ezaugarri bat ere. Horrek esan nahi du besteen jarduera-eremua hartu behar dela beti kontuan, eta gogoan izan behar dugula, halaber, jokoa dimentsio askoren eraginpean dagoela; hau da, eragina duen dimentsio bakarra ez da zuzenbidean oinarritutako menderatzea, baizik eta baita arrazionaltasun ekonomikoa, informazioaren asimetriak, indar ideologikoa eta pertsuasio morala ere.

Gure erkidegoan, adibidez, Euskadiko Ogasunaren kudeaketa lurralde historikoen eskuetan dago, eta, hortaz, Jaurlaritzak ez du zuzenean ezagutzen, ezta kontrolatzen ere, hitzartutako tributuen bilketa. Beraz, beharrezkoa eta ezinbestekoa da elkarlanean definitzea zein izan behar diren politika fiskalaren ildoak eta zer helburu lortu nahi diren zerga-bilketarekin.

Harreman eredu hori Estatuko administrazioarekiko harremanen kasuan ere aurkitzen dugu, batez ere alor ekonomiko-finantzarioan, Ekonomia Itunaren berezko aldebikotasunagatik.

Pedro Azpiazuren iritziz, ekintza publikoa gidatu behar duten printzipioak honako hauek dira: talde guztien identitatea errespetatzea, abiapuntuko deskalifikaziorik gabe; zintzotasunez jokatzea eta alderdi guztien posizioen aurrean benetan irekita egotea; eta lankidetza, arazo kolektiboen konponbidean aurrera egiteko.

Bere hitzaldian, sailburuak gogoeta bat egin du Euskadiko aurrekontuen inguruko negoziazioaz –alde batetik-, aurrekontu orokorren inguruko negoziaziotik erabat bereiziz; eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiekin izandako kontaktu-txanda aipatu du. “Elkarrizketa zintzoa ireki genuen, alderdi guztiekin, haien posizioak ezagutzeko”, deskribatu du.

Kupoaren inguruko negoziazioa

Bere solasaldiaren beste puntu bat Kupoaren inguruko negoziazioa izan da. “Gure jarrera ez zen indar-posizio batez baliatzea, baizik eta alderdientzat onargarria izango zen akordio bat bilatzea, eta horrek barne hartzen zuen bi talde teknikoen lana eta emaitzak errespetatzea”, adierazi du.

Azpiazuk aitortu du hamabost orduz baino gehiagoz egon dela bilduta Cristóbal Montororekin, eta hainbat eta hainbat telefono-elkarrizketa izan dituela berarekin; eta teknikariek askoz ere ordu gehiago eman dituzte posizioak hurbiltzeko ahaleginetan. Emaitzak bermatuta datoz legezko esparrua zorroztasun osoz aplikatu zaielako aurrekontu-datuei, bai aurreko ekitaldien erregularizazioari dagokionez eta bai oinarri-urte berriaren Kupoa determinatzeari dagokionez, hau da, 2017ri determinatzeari dagokionez, aurten bosturteko berri bat hasten baita.

Akordio honi esker, bukatu egin da bi gobernuen artean zegoen ziurgabetasun finantzarioa, eta Euskadiren eta Estatuaren arteko harreman finantzarioetan 2011z geroztik enkistatuta zegoen arazo bat konpondu da. Horren ondorioz, egonkortasun finantzarioko aldi batean sartu gara.

Bere hitzaldia bukatzeko, sailburuak berriro azpimarratu du lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa dela gizarte modernoetan, eta eztabaida eta iritzi zein proiektuen kontrastea lankidetza horren ezinbesteko atalak direla.